Oñatiko abesbatzak Estatuko koru-lehiaketa garrantzitsuenetako batean parte hartuko du uztailaren 18an eta 19an
HOTS Abesbatza datorren uztailaren 18an eta 19an izango da Murtziako Totana hirian, XXXV. Habanera eta Polifonia Lehiaketan parte hartzeko hautatua izan baita. Estatuko koru-lehiaketa ospetsuenetako bat den honek Espainiako eta nazioarteko hainbat abesbatza biltzen ditu urtero, eta aurten ere maila handiko taldeekin partekatuko du agertokia oñatiar taldeak. HOTS Abesbatza lehiaketan parte hartzeko aukeratutako lau koruetako bat izan da.
Azken hilabeteetan zehar, abesbatzako kideek lan handia egin dute lehiaketarako prestaketa lanetan. Entsegu saio trinkoen bidez, epaimahaiaren aurrean aurkeztuko duten errepertorioa landu dute, musikaren kalitate artistikoa eta interpretazioaren sendotasuna helburu hartuta. Taldea autobusez abiatuko da Totanara, esperientzia musikal eta gizatiar berezi hau elkarrekin bizitzeko asmoz.
Lehiaketaren oinarriak jarraituz, HOTS Abesbatzak habanera eta polifonia modalitateetako obrak interpretatuko ditu. Antolakuntzak hautatutako errepertorioaren barruan, habaneren atalean "Verde Mar" eta "Añoranza de un Marino" eskainiko ditu; polifonia atalean berriz, "O Sapientia" eta "Oihu Hau" izango dira interpretatuko diren obrak.
Aurtengo edizioan parte hartuko duten koruen artean daude, gainera, Coro de Cámara de la Universidad de las Américas Puebla (Mexiko), Coral Polifónica Joven de Torrejón de Ardoz (Madril) eta Coro Universitario Sant Yago (Valentzia). Lehiaketa saio bakarrean egingo da eta HOTS Abesbatza izango da agertokira igoko den azken taldea.
HOTS Abesbatzarentzat aukera paregabea izango da Totanakoa, bai koruaren lana publiko zabal baten aurrean aurkezteko, bai Estatuko eta nazioarteko beste talde batzuekin esperientziak partekatzeko. Oñatiko kultur bizitzan errotuta dagoen proiektu honek beste urrats garrantzitsu bat emango du horrela bere ibilbidean, musikaren bidez kalitatea, konpromisoa eta ilusioa erakutsiz.