Udako Gauak 2026 egitasmoaren barruan, aurten Oñatiren historia, memoria eta nortasuna ardatz izango dituen ikuskizun berezia aurkeztuko da: “OÑATI, GURE HERRIA”. Emanaldia 2026ko ekainaren 26an izango da, gaueko 22:30ean, Torreko hotelaren parkingean.
75 minutuko ikuskizun honetan, musikak, hitzak eta irudiek bat egingo dute Oñatiren arima eta historiaren bidezko bidaia kolektiboa eskaintzeko. Ganbara Abesbatza eta Hotsz Abesbatza izango dira protagonista nagusiak, Amaia Zipitria pianojolearen zuzeneko musikarekin. Testuen sorkuntza Aitor Biainek egin du, eta ikuskizunaren zuzendaritza Aitor Biain-Bidartek izango du.
Ikuskizunak Oñatiren historiaren ibilbide emozional eta kronologikoa egingo du, gidoi jarraitu baten bidez. Bloke bakoitzean abesti bat interpretatuko da, eta guztiak Arri Iraetak sortutako ikus-entzunezkoekin uztartuko dira. Torreko eraikina bera pantaila erraldoi bihurtuko da, Oñatiko irudi historikoak, paisaiak eta artxiboko materialak proiektatzeko.
Horrez gain, emanaldiak estreinaldi bereziak ere izango ditu. Junkal Guerrerok bereziki ikuskizun honetarako sortutako bi obra aurkeztuko dira: Ate bat igaro ostean eta Ontzaz ontza. Era berean, Iker Gonzalezek ere beste bi pieza konposatu ditu: Bada herri bat eta Trostan. Lau obra hauek ekitaldi honetan estreinatuko dira lehen aldiz, eta guztien testuak Josu Zubiak idatzi ditu.
Ikuskizun osoan zehar, euskal musikaren, ahozko tradizioaren eta irudi garaikideen bidez, Oñatiren historia kontatuko da: jentilen kondairak, Arantzazuren sorrera, gerra karlistak, industrializazioa, auzoetako bizimodua eta herriaren memoria kolektiboa.
Emanaldia doakoa izango da, eta antolatzaileek bertara oinez gerturatzea gomendatzen dute, irisgarritasuna eta giro egokia bermatzeko.
“OÑATI, GURE HERRIA” ez da kontzertu hutsa izango; herri baten memoria, emozioa eta nortasuna musikaren bidez bizitzeko esperientzia kolektiboa izango da.