Symphonic concert

KONTZERTU DIDAKTIKOA AEQUUS ENSEMBLE: ANIMALIEN IHAUTERIA (C.Saint Saëns)

Ganbara Abesbatza
Hots Abesbatza
Ganbara Kantu Eskola
EHU / UPV
Bergarako Orfeoia
Oñatiko Musika Banda
Aequus Ensemble
14/3/2026
,
12:00
,
Santa Ana Antzokia
Info

Aequus Ensemblek familia osoari zuzendutako kontzertu sinfoniko berezia eskainiko du datorren martxoaren 14an, eguerdiko 12:00etan. Oraingo honetan, Camille Saint-Saëns konpositore frantsesaren lan ezagunenetako bat taularatuko du: “Animalien Ihauteria” (Le Carnaval des Animaux).

1886an konposatua, obra honek umorea, ironia eta irudimena uztartzen ditu, musikaren bidez animalien unibertso koloretsua irudikatuz. Pieza bakoitzak animalia edo pertsonaia bat du ardatz (lehoia, dortokak, elefantea, hegaztiak edota zisne dotorea) eta orkestrazio aberats eta ñabartuaren bidez, entzuleari irudi eta giro desberdinak iradokitzen dizkio. Musikaren bidezko kontakizun honek aukera ematen du instrumentu bakoitzaren nortasuna eta adierazkortasuna gertutik ezagutzeko, betiere tonu dibertigarri eta hurbilean.

Kontzertuan zehar, Miel Guridi narratzailea izango da gurekin, obraren pasarteak testuinguruan jarriz eta publikoari gida-lana eskainiz. Haren parte-hartzeak emanaldiari dimentsio literario eta pedagogikoa gehituko dio, musika eta hitza uztartuz esperientzia aberatsago bat sortzeko.

Emanaldiaren aurretik, Aequus Ensemblek musika eskolako ikasleei zuzendutako pase itxi bat eskainiko du. Saio horretan, ikasleek ondoren entzungo dituzten piezetan agertzen diren instrumentuak gertutik ezagutzeko aukera izango dute, musikarien azalpenekin. Jarduera parte-hartzailea izango da, jolas, asmakizun eta dinamika didaktikoen bidez, haurrek musika modu aktibo eta ludikoan bizitzeko aukera izan dezaten.

Sarreren prezioa 5 eurokoa izango da. Sarrerak eskuragai daude www.oñati.eus webgunean edota Txokolateixan. Kontzertura bertaratzen diren guztiek, gainera, opari berezi bat jasoko dute.

Martxoaren 14koa aukera paregabea izango da familian musika sinfonikoaz gozatzeko, irudimena pizteko eta klasiko handi bat modu atsegin eta hurbilean ezagutzeko.

© 2022 Aitor Biain Bidarte. All Rights Reserved.
Photos by Nagore Goñi