Ganbara Txikiko 10 ikasle Gazte Topaketan parte hartuko dute Hondarribian
Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolatutako Gazte Topaketa ekimena 2026ko martxoaren 28 eta 29an ospatuko da Hondarribiko aterpetxean. Aurten, Ganbara Txikiko 10 ikaslek parte hartuko dute “Kantuan Dantzan 3” izeneko programa berezi eta dinamikoan.
12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako topaketa honek dantzarekin lotura duten pop-rock estiloko euskal abesti ezagunak landuko ditu asteburu osoan zehar. Proiektuaren zuzendaritza musikala Aitor Biain-Bidartek eta Alaitz Urkiak eramango dute, eta parte-hartzaileek aldez aurretik prestatuta eraman beharko dute errepertorioa.
Landuko den egitarauan honako abestiak daude, besteak beste: Dap Dap (Janus Lester), Sumendiak (ETS), Eguzkilore (Zetak), Ezer ez da berdina (Bulego), Aske maitte (Gatibu) eta Neguan joan da ta (Zea Mays), moldaketa bereziekin.
Topaketa martxoaren 28an, larunbatean, goizeko 9:30ean hasiko da Hondarribiko aterpetxean, eta igandean, martxoaren 29an, amaituko da. Asteburuari amaiera emateko, parte-hartzaile guztiek kontzertu ireki bat eskainiko dute igande arratsaldeko 16:30ean, Errenteriako Lekuona Fabrikako auditorioan. Gainera, rock talde baten laguntza izango dute oholtza gainean..
Ganbara Txikiko gazteentzat aukera paregabea izango da beste abesbatza batzuetako kideekin esperientziak partekatzeko, musika lantzeko eta oholtza gainean gozatzeko. Zalantzarik gabe, musika, elkarbizitza eta esperientzia aberasgarriz betetako asteburua izango da.