IV. Debagoienako Haur eta Gazte Topaketa Santa Ana Antzokian
Maiatzaren 9an, arratsaldeko 19:00etan, IV. Debagoienako Haur eta Gazte Topaketa ospatuko da Oñatiko Santa Ana antzokian. Ganbara Faktoriak antolatutako ekitaldi honek eskualdeko haur eta gazteen abesbatzen arteko topagune izatea du helburu, musikaren bidez elkar ezagutzeko eta esperientziak partekatzeko.
Aurtengo edizioan etxeko hainbat taldek parte hartuko dute: Ganbara Txiki abesbatza, Kantu Tailerra, eta Ikastetxeak Kantari egitasmoko taldeak (Urgain, Elkar Hezi eta Txantxiku Ikastola). Horiez gain, Gipuzkoatik gonbidatutako bi abesbatza ere izango dira oholtza gainean: Legazpiko Doinua Musika Eskolako abesbatza, Mirengu Plazaolaren zuzendaritzapean, eta Andoaingo Musika Eskolako haur abesbatza, Katrin Iturralderen gidaritzapean.
Talde bakoitzak hiru abesti eskainiko ditu, eta ekitaldiaren amaieran parte-hartzaile guztiak elkartuko dira oholtza gainean bi abesti batera interpretatzeko, topaketari amaiera berezia emanez.
Aurten, agenda kontuak direla eta, bailarako beste talderik ez da gonbidatu, baina antolatzaileek azpimarratu dute topaketaren helburua haur eta gazteen arteko harremanak eta musikarekiko zaletasuna indartzea dela.
Topaketaren aurretik, parte-hartzaileak arratsaldean elkartuko dira Santa Ana antzokian entsegu bateratu bat egiteko. Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, haur eta gazte guztiek topaketako kamiseta eta merienda jasoko dituzte.
Sarrerak 5 eurotan eskuratu ahal izango dira www.oñati.eus webgunean edo Txokolateixan.