Azaroaren 7an Oñatin antolatu dugun I. Sokaz Soka Gazte Topaketaren inguruko informazioa bidaltzen dizuegu, ekimenaren berri eman dezazuen.
Aequus Orkestratik antolatu dugun lehen topaketa honetan Euskadi osoko 40 ikasle inguruk hartuko dute parte. Hari-instrumentuak jotzen dituzten gazteei zuzendutako jardunaldia izango da, eta helburua da gazteei orkestra batean jotzeko aukera eskaintzea, musikari profesionalekin batera lan eginez eta beste musikari gazte batzuekin esperientziak partekatuz.
Oso pozik gaude lehen edizio honek izan duen harrerarekin. Lehenengo deialdia izanik, oso positibotzat jotzen dugu Euskadiko hainbat txokotatik 40 ikasle inguru etortzea. Badakigu oraindik badugula zer hobetu, batez ere ekimena ezagutarazteko eta leku gehiagotara iristeko orduan. Hala ere, hasiera polita izan dela uste dugu, eta datozen urteetan topaketa sendotzen eta zabaltzen jarraitzea gustatuko litzaiguke.
Topaketa Eltzian egingo dugu, egun osoko egitarauarekin. Goizean eta arratsaldean, ikasleek instrumentuen araberako taldeetan lan egingo dute Aequus Orkestrako irakasle eta musikariekin, eta ondoren, Aitor Biain-Bidarteren zuzendaritzapean, entsegu bateratuak egingo dituzte. Guztiak batera bazkalduko dugu eta hainbat opari: kamiseta, poltsa bat jasoko dute.
Jardunaldiari amaiera emateko, 19:00etan kontzertua eskainiko dugu Eltziako areto nagusian. Lehen zatian Aequus Ensemblek joko du, eta bigarrenean topaketan parte hartu duten ikasle guztiak gure musikariekin batera arituko dira. Sarrera mugatua izango da, eta sarrera gutxi batzuk egongo dira eskuragarri www.oñati.eus en.
Kontzertuak bi zati izango ditu. Lehenengoan, Aequus Ensemblek bere errepertorioko hainbat obra interpretatuko ditu, besteak beste, Johann Sebastian Bach, Jean Sibelius eta zinema zein telebistako musikarekin lotutako piezak.
Bigarren zatian, berriz, topaketan parte hartu duten gazteak Aequus Ensembleko musikariekin batera igoko dira oholtzara. Elkarrekin Te Deum, Ode to Joy, Bella Ciao eta Libertango obrak interpretatuko dituzte.
Guretzat oso garrantzitsua da gazteei horrelako esperientziak eskaintzea, musikaz elkarrekin gozatzeko, elkar ezagutzeko eta orkestra batean jotzeak dakarren guztia bizitzeko aukera izan dezaten.