Choral concert

EMAKUMEEK IDATZIA 2026: ANDEREÑOAK

Ganbara Abesbatza
Hots Abesbatza
Ganbara Kantu Eskola
EHU / UPV
Bergarako Orfeoia
Oñatiko Musika Banda
Aequus Ensemble
8/3/2026
,
18:00
,
Santa Ana Antzokia
Info

Hots Abesbatzak “Emakumeek Idatzia 2026” aurkeztuko du martxoaren 8an, andereñoen omenez

Datorren martxoaren 8an, 18:00etan, Hots Abesbatzak Emakumeek Idatzia 2026 kontzertua eskainiko du. Emanaldia doakoa izango da, aforoa bete arte.

Emakumeek Idatzia Faktoria Sozialaren baitan garatzen den egitasmoa da, eta urtero emakumeek gizartean egin duten ekarpena ikusgarri egitea eta kolektibo jakin bati aitortza publikoa eskaintzea du helburu. Aurtengo edizioan, omenaldia andereñoei eskainiko zaie; belaunaldiz belaunaldi hezkuntzaren, hizkuntzaren transmisioaren eta zaintzaren bidez komunitatea eraiki duten emakumeei.

Kontzertuak lau bloke tematikotan egituratutako ibilbide artistikoa proposatzen du, musika korala, pianoa, narrazioa eta irudia uztartuz (Oñatiko eskoletako hainbat irudi zahar erabiliko dira).

1. blokea: Hasiera

Lehen blokeak eskolaren lehen oroitzapenetara eramango gaitu. Irudi zaharren bidez (eskola txikiak, arbelak, koadernoak) andereñoaren figura sustrai gisa aurkeztuko da: etxetik kanpo entzuten dugun lehen ahotsa, gure izena lehen aldiz modu kontzientean ahoskatzen duena, mundua begiratzen eta ulertzen erakusten diguna. Bloke honek hezkuntzaren oinarri emozionala azpimarratzen du, eta andereñoa etorkizuna esku artean eutsi duen emakume gisa irudikatzen du.

2. blokea: Irakasteko modua – Zaintzea

Bigarren blokean, irakaskuntzaren dimentsio pedagogikotik harago, zaintzaren balioa jarriko da erdigunean. Irakastea ez baita soilik edukiak transmititzea; askotan, malkoak lehortzea, konfiantza eraikitzea eta haur bakoitzaren erritmoa errespetatzea ere bada. Irudi hurbilen bidez (besarkadak, irribarreak, begiradak) andereñoek egunerokoan egindako lan isila eta eraginkorra omenduko da. Heztea zaintzea dela azpimarratuko da, eta zaintza bera askotan erresistentzia-modu bat izan dela.

3. blokea: Hizkuntza, identitatea, etorkizuna

Hirugarren blokeak andereñoen papera azpimarratuko du hizkuntzaren eta nortasun kolektiboaren transmisioan. Bereziki euskararen testuinguruan, irakastea askotan ausardia-ekintza ere izan dela gogoraraziko da: hizkuntza bat defendatzea, kultura bat bizirik mantentzea eta etorkizunari begira belaunaldi berriak prestatzea. Andereñoek iragana transmititu ez ezik, etorkizuna eraikitzen lagundu dutela nabarmenduko da, gugan sinetsiz eta guregan konfiantza jarriz.

4. blokea: Esker ona

Azken blokean, omenaldiak tonu intimo eta esker onezkoa hartuko du. Gaur egun gure artean ez dauden andereñoak gogoratuko dira, bai eta lanean jarraitzen dutenak ere. Belaunaldi askoren bizitzetan izan duten eragin sakona aitortuz, kontzertua esker oneko keinuz itxiko da: ikastea maitasun ekintza bat ere badela erakutsi digutelako.

Emanaldian zehar, errepertorioak askotariko konpositore eta estiloak bilduko ditu, besteak beste: I Remember (S. Quartel), Liebst du um Schönheit (Clara Wieck Schumann), Ave Maris Stella eta Elementuen kantak (Eva Ugalde), O Sapientia (V. Tadeja), Etxean (Junkal Guerrero), Itsaso ari zait (Idoia Asurmendi) eta Glorious Life (L. Favel). Piezek, testu narratiboarekin eta irudiekin batera, ibilbide artistiko eta emozional koherentea osatuko dute.

Kontzertuan, Arrate Kortabarri arituko da narratzaile lanetan, blokeen arteko hari diskurtsiboa ehunduz; pianoan, berriz, Amaia Zipitria ariko da. Zuzendaritza musikala Aitor Biainen esku egongo da.

Hots Abesbatzak herritarrak gonbidatu nahi ditu emakumeen nazioarteko egunean egingo den ekitaldi berezi honetan parte hartzera, andereñoek gure gizartean izan duten eta duten funtsezko ekarpena aitortzeko eta eskertzeko.

© 2022 Aitor Biain Bidarte. All Rights Reserved.
Photos by Nagore Goñi