Oñatiko Musika Bandaren denboraldiko lehen kontzertuaren inguruko informazioa bidaltzen dizuegu.
Aurten, ARGIAK izenburua jarri diogu gure kontzertu-denboraldiari, eta lehenengo kontzertuak ARGIAREN ERRITMOA izango du izena.
Azaroaren 15ean, 13:00etan, eskainiko dugu kontzertua. Aurretik, 11:00etan, bandak kalejira egingo du herriko kaleetan zehar.
ARGIAREN ERRITMOA: euskal dantzetan barrena egindako bidaia
Denboraldiko lehen kontzertu honetarako proposamen berezi bat prestatu dugu. Oñatz Dantza Taldea eta Aita Madina Txistulari Taldea izango ditugu gurekin, musika eta dantza tradizionala uztartuko dituen emanaldian.
Euskal Herriko dantza tradizionaletan oinarritutako ikuskizuna izango da, eta musikaren eta dantzaren bidez hainbat lurraldetan barrena bidaiatuko dugu. Bizkaiko eta Gipuzkoako doinu eta dantzetatik abiatuta, gure herriko tradizioetara iritsiko gara, Oñatiko Korpus dantzak ardatz hartuta.
Programan euskal musikaren eta dantzaren errepertorioko hainbat obra bildu ditugu. Agurra, Jantzan, San Juan zortzikoa, Euskal dantzak eta Kaixarranka bezalako piezek osatuko dute ibilbidearen zati bat. Horiez gain, Txanton Piperri, Ikusi mendizaleak, Guridiren Amaya eta beste hainbat doinu ere entzuteko aukera izango da.
Kontzertuaren une berezienetako bat Joaquín Lecumberrik ekitaldi honetarako espresuki konposatu duen Oñatiko Launakoa obraren estreinaldia izango da. Guretzat oso pozgarria da herriko tradizioekin lotutako obra berri bat estreinatzeko aukera izatea eta Oñatiko musika-ondarea aberasten jarraitzea.
Programaren amaieran, fandango eta arin-arin doinuek hartuko dute protagonismoa, euskal erromerien giroa gogora ekarriz.
Hiru musikariren estreinaldi ofiziala
Kontzertu honetan, gainera, hiru musikarik egingo dute euren estreinaldi ofiziala Oñatiko Musika Bandarekin:
Oso pozik gaude hiru musikari hauek gure bandan izateaz. Bereziki azpimarratu nahi dugu oboea eta fagota bezalako instrumentuen presentzia indartzen ari garela. Haize-banden barruan hain ohikoak ez diren instrumentuak dira, eta guretzat garrantzitsua da horien aldeko apustua egitea.
Musikari berrien etorrerarekin, bandaren soinu-aberastasuna handitzeaz gain, instrumentu horiek ezagutarazten eta sustatzen jarraitzeko aukera dugu.