Une zailean gaude. Badakigu. Etapa nahasia eta zalantzaz beterikoa bizitzen ari gara eta kontziente gara. Zaindu eta babestu egin behar dugu/gara koronabirusaren aurrean. Guztiz ulergarria eta beharrezkoa da, baina utz ezazue kultura bakean!
Dagoeneko hiru hilabete baino gehiago dira alarma-egoera amaitu zela. Eta, normaltasun berri/arraro honetan ia denak zentzua hartu duenean, kultura beti geratu da gainerakoen atzetik.
Kontrolatutako ekitaldiak egiten dira, segurtasun distantziak, maskara, gel hidroalkoholikoaren erabilera… guztia kontuan izanez. Ikus-entzuleak kultura gosez daudela erakutsi dute/dugu, ohitura berriak denbora laburrean barneratuz: ordurako joan, presarik ez izan, antolatzaileen esanei kasu egin… Artistak ere ohitzen hasi dira auditoriuma beteta ez ikustera. Baina, hala ere, oraindik zalantzan jartzen da kultura arriskutsua ote den. Eta hori guztia kultur talde askoren mehatxua da. Berriz martxan jarriko ez diren taldeak izango dira, eta, ondorioz, kultura krisi nabarmenean sartuta dagoela esan daiteke. Eta, nirea den gremioan, mundu koralean, krisi hau nabariagoa da.
Kantatzea segurua da koru batean? Erantzuna garbia da: beste edozein jarduera bezain segurua da, prebentzio-neurri egokiak hartzen badira. Abesbatza batzuek hilabeteak daramatzate entseatzen, askok kontzertuak eman dituzte, eta ez dira kasu berriak atzeman. Funtsean, egokitzean dago koxka. Zuzendariok sormena dugu lagun, eta, indargune hau aprobetxatuz, kantatzeko modu berriak sortzen saiatzen gara. Guk ere egunerokotasunera itzuli nahi dugu, neurri berriekin bada ere, eta erakunde askok egin dugu horren alde. Neurri horiek pecata minuta baitira gure grinarekin gozatzen jarraitzearen aldean.
Horregatik, abeslari zein zuzendari, ez dezagun gure pasioa alde batera utzi; erantzukizunez, posible delako gure belarriak, auditoriumak, elizak… musikaz –kulturaz– betetzea.
Goiena: 2020-9-11